ES
Cristóbal Balenciaga XX. mendeko moda-sortzaile nabarmenetakotzat hartzen da oro har, baita eragin handienekotzat ere. Perfekzionista nekaezina izan zen, eta guztiz menderatu zituen josteko teknikak; bere lanetan ahal besteko perfekzioa lortzeari eskaini zion bizitza. Bost hamarkadako ibilbidean, lankideen zein komunikabide espezializatuen mirespena eta begirunea lortu zituen.
Cristóbal Balenciaga Museoa da osorik moda-sortzaile bati eskainia den museo bakarra, eta bakarra da, halaber, goi-joskintzako «Maisuaren» ondarea etenik gabe ikertzen, gordetzen eta zabaltzen. 6.000 metro koadro hartzen dituzte museoaren instalazioek, bi eraikinetan banatuta. Bi eraikinak elkarri gainjartzen zaizkie eta erakundearen iragana zein oraina irudikatzen dute: batetik, Aldamar jauregi historikoa, Cristóbal Balenciagaren biografiarekin lotura estua izan zuen Casa Torreseko markesen etxea izandakoa, eta, bestetik, bolumen handi eta diafanoz osatutako eta beiraz estalitako eremu ikusgarria, erakusketa eremua, eremu didaktikoa eta kontserbazioari eskainitako eremua biltzen dituena. Azken horretan bilduma berdingabea du Museoak gordeta. Bildumaren handitasunari –5.500 jantziz, osagarriz eta dokumentuz osatua eta etengabe handitzen ari dena– eta forma- eta kronologia-hedadurari –jostunaren lehenengo modeloak gordetzen ditu, esate baterako– esker, nazioarteko bilduma osoena, koherenteena eta interesgarriena dela esaten da.
Hubert de Givenchy
Pieza horietako asko mugarri dira modaren historian, eta Espainiako eta Parisko Balenciaga Etxeetako bezero izandakoen eta beste hainbat emaile publiko zein pribatuen dohaintza eskuzabalei esker iritsi dira museora. Mezenas nagusietako bat Hubert de Givenchy (1927-2018) izan zen. Balenciagaren adiskide eta diszipulua izan zen; horrez gainera, museoaren proiektuaren babesle handia, eta hura kudeatzen duen Fundazioaren ohorezko lehendakari izan zen. «Monsieur» esaten zitzaion Etxean, eta, urteen joanean, Balenciagaren lanen garrantzizko bilduma osatu zuen bere hurbilekoen eta bezeroen bitartez. Lan haiek guztiak erakundearen biltegietan gordetzen dira, hark hala eskatuta.
Soineko eta kapelina konjunto hau marquisettez egina da, eta Hubert de Givenchyk dohaintzan emana. Museoaren inaugurazio-erakusketan erakutsi zen. Aipagarriak dira linea zainduak eta minimalistak, eta indar kromatiko izugarria ere bai. 1965eko udako bilduma osatzen duen 125 modeloa da, Parisko Maison Balenciagan egina. Soineko luzea da, dindirri txikiarekin bizkarrean, papar txikiarekin aurrealdean eta nabarmena atzealdean; mahukarik gabea eta ebakidurarekin gerrian. Gorputza alozekin estutzen da, eta bizkarrean ixten da, erdian, kortxeteekin eta automatikoekin. Kolore bereko zetazko organtzaz forratuta dago. Kapelinak kutxa erako paparra du eta bolante izurdun handiko kanezua, bizkar alderako linea beheranzkoarekin. Zeta urdineko azpikoa estua da, eta ezkerreko alboan ixten da, kremailera bidez.
Prebentziozko kontserbazioa Museoko biltegietan
Bildumen Sailak bilduma osatzen duten piezak manipulatzeko, lekualdatzeko eta erakusteko ezarritako protokolo zorrotzen arabera daude gordeta bildumako funtsak. Piezak gordetzeko, lekualdatzeko eta erakusteko geletako ingurumen-baldintzak iraunkorrak eta egonkorrak dira, ez dadin haien kontserbazio-egoerari eragin diezaiokeen aldaketarik gertatu. Era berean, espazio horietako argi-baldintzak ere araututa daude, eta jantziak onda ditzaketen erradiazioetatik babestuta. Pieza guztiak argi (inoiz ez 50 lux baino gehiago), hezetasun (% 50etik behera) eta tenperatura (iraunkorra, 18 gradura) parametro jakin batzuen arabera erakusten dira. Kontserbazioari dagokionez, prebentzioa izan da azpimarratu den alderdietako bat, materialen narriadura naturala eta Museoko aretoetara sartu aurretik denboran zehar jasandako narriadura arintzeko.
EY zerbitzu profesionalen sektoreko enpresa globala da, eta hobeto funtzionatzen duen mundu bat sortzea du xede. Enpresak lidergoa eta talde-lana sustatzen ditu bere bezeroei, enplegatuei eta gizarteari epe luzerako balioa lortzen laguntzeko. Ildo horretan, Cristóbal Balenciagarekin elkarlanean jardun du EYk, hamar urte hauetan egin duen ibilbidearen balantzea egiteko eta ikusgarritasuna emateko zereginean.
XX. mendeko goi-joskintzako bezeroentzat, nortasunaren, estatusaren eta bizimoduaren ikurra ziren jantziak, eta oso aintzat hartzen zituzten. Balenciaga emakumeak, hala esaten zitzaien jostunaren bezeroei, bat zetozen haren irakaspenekin: «Emakume bakoitzak bere estiloa du, eta joeren gainetik errespetatu behar da estilo hori». Aberastasun handiak, tituluak eta karrera artistiko edo diplomatikoak zituzten, eta emakume haiek beren dotoretasunagatik eta edertasunagatik nabarmentzen ziren.
Rachel L. Mellon (1910-2014) izan zen bezero leial horietako bat. Bunny izenez zen ezaguna. Ipar Ameriketako goi-mailako gizarteko dama handienetako bat zen. Dirutza handia jaso zuen oinordetzan, eta filantropoa, arte-bildumagilea eta lorategien diseinatzailea izan zen –horien artean Etxe Zuriko Rose Garden ospetsua–; Paul Mellon zuen senarra, Kennedytarren lagun pertsonala eta bankaren alorreko handiki eta mezenas ospetsua. Bezero perfektuaren arketipoa osatzen zuen: diruduna, sentibera eta esklusiboa. Rachel L. Mellonek Balenciagaren jantziak baino ez zituen jantzi hamabi urtez (etxea itxi zen arte), eta, era horretara, estiloaren, diskrezioaren eta dotoreziaren ikono bihurtu zen. Bezero handia izateaz gain, jostunaren laguna ere izan zen Mellon. Harreman hura Etxean harentzat egindako egokitzapen eta diseinu berezietan islatu zen; Balenciagak berak Hubert de Givenchyri transferitu zizkion diseinu horiek erretiratu ondoren.
Rachel L. Mellon
Adiskidetasun horren ohorez, eta Mellon familiak Museoan jarri duen konfiantzari esker, Getarian dago Balenciagak 2014. urteaz geroztik Mellon andreari egindako sorkuntzen zati handi bat, eta ongile bakarraren eskutik datorren bildumarik garrantzitsuena osatzen du Museoko artxiboen barruan. Bildumak 660 jantzi biltzen ditu (eguneko jantziak, koktelekoak, gauekoak, lorategikoak, etxean egotekoak eta baita ohera joatekoak ere), jatorrizko 138 zirriborro eta 250 erreferentzia dokumental.
Rachel Mellonek hautatutako modeloek agerian uzten dute ezin hobeto ulertzen zuela Balenciagaren filosofia; espazioaren, gorputzaren eta jantziaren arteko erlazioa; ebakiduraren garrantzia eta materialen bikaintasuna. Melloni izugarri gustatzen zitzaizkion ehunen koloreak eta ehundurak, esaterako mugurdi koloreko gaueko soineko hau, kloke oihalez egina; kaxa-formako paparra du aurrealdean, puntan amaitzen da bizkarrean eta izurdun gona zabala du. Mellonen bildumaren aberastasunik handiena piezen eta dokumentazioaren arteko erlaziotik ateratzen den informazioa eta aniztasuna da; gaur egun, Mellon andrearen kontserbazio-ohiturei esker izan dugu horren berri. Egiaztapen dokumentalaren eta jantzi-bildumaren arteko erlazio horrek ezin hobeto islatzen du Balenciaga Etxean nazioarteko bezero baten erosteko prozesua, hasi modeloak hautatzeko zirriborroetatik eta faktura bera bidali arte.
Rachel L. Mellon orritxo batean idatzitako testua. 1965eko jantzi-jokoaren poltsiko ezkutuan aurkitutakoa.
Era berean, hainbat agiriren arabera, esklusibotasuna eta lehentasunezko tratua ematen zitzaion Mellon andreari. Iparramerikarrak bere manikia zuen, bere neurriekin, Parisko Maisonen; era horretara ez zituen egin behar etxe hartako arau ziren hiru proba ospetsuak. Erosotasuna, sinpletasuna eta dotorezia ziren Mellon andreak bilatzen zituen ezaugarriak, eta, denboraldiak alde batera utzita, haiek baldintzatzen zuten modeloen hautaketa, bere gustuari jarraituz; zenbaitetan, behin baino gehiagotan erosten zuen pieza bera. Baina Balenciagak Mellon andrearen gisako bezero batentzat izan zuen balio emozionala ulertzeko, nahikoa da esatea Museora iritsi diren jatorrizko 138 zirriborroak kontu handiz koadernatuta zeudela, liburu bat osatuz. Azalean urrezko letraz eta kanpoko kutxatilan eskuz esaldi bakarra dago idatzirik: I feel pretty.
El Diario Vasco egunkariak hasieratik babestu du Cristóbal Balenciaga Museoaren proiektua, eta garrantzizko komunikazio- eta informazio-bidea izan da, Museoa hurbileneko publikoarekin lotzeko. 1934an sortu zen, eta Gipuzkoan gehien irakurtzen den egunkaria da, bai paperean bai euskarri digitalean. Irakurleen konfiantzari esker, El Diario Vasco erreferentziazko komunikabideetako bat da Euskadin.
Museoaren ikerketa sistematikoaren bitartez jasotako testigantzek eta joskinak sorkuntzaren alorrean egindako ibilbidearen ageriko koherentziak Cristóbal Balenciagaren zintzotasunaren lekukotasuna ematen dute, ez bakarrik ingurukoekin zuen harremanean, baita bere buruarekiko ere. Balenciagaren sorkuntza-lanak beti izan ziren bere lan eta ahalegin pertsonal neketsuaren isla eta emaitza, arrakastara iristeko bidezidorrik bilatu gabe. Denboraldiz denboraldi aurkezten zituen bildumek ez zuten interpretazio eta antzezpen beharturik behar, beren kabuz hitz egiten zuten. Balenciaga zen bezala agertzen zen besteen aurrean: bere buruari leial.
Cristóbal Balenciaga Museoak «Josten duten eskuak» izeneko ikerketa ildoari ekin zion 2014. urtean, bi helburu nagusirekin: urteen joanean Balenciagarentzat lan egin zutenen ekarpena identifikatzea eta balioa ematea, eta haren jardueraren testuinguru sozioekonomikoa eta eragina hobeto ulertzea. Lan ildo horren beste helburu batzuk dira, halaber, Balenciagaren tailerretan erabiltzen ziren teknikak kontserbatzea eta, aldi berean, haren nortasunari buruzko datuak ezagutaraztea, lankideen ikuspegitik abiatuta. Ikerketa horren garrantzizko osagaietako bat Etxeari lotutako pertsonen lekukotzak biltzea izan da; emakumeak ziren horietako gehienak eta haiek emandako lekukotasunak zuzenekoak dira batzuk –hau da, beraiek emanak– eta zeharkakoak besteak –senideek emanak–. Lekukotasunekin batera, enpresa baten lanaren eremuko errealitatea kartografiatzen laguntzen duten argazkiak eta dokumentazio gehigarriak daude. Enpresa horren ibilbidean, 2.000 langile baino gehiago igaro ziren bertatik.
Lekukotasunak, dokumentazioa eta jantziak Espainiako eta Frantziako etxeetako langileek emanak dira neurri handi batean. Hori da, hain zuzen ere, Museoko bildumak jasotzen dituen «zaku soineko»-en kasua. Angélica Castresa eta Felisa Irigoyenenak dira, maniki saltzailea eta tailer-burua hurrenez hurren, eta ezin hobeto erakusten dute Cristóbal Balenciagaren legatuari lagundu ziotenek nola menderatzen zuten teknika eta zenbateraino zetozen bat maisuaren filosofiarekin.
Soinekoak egitura trapezoidala du; belaunetik behera iristen da; kaxa erako lepoa du; mahukarik gabea da, eta irekia aurretik, goitik behera. Kanezua du, eta pintza aldakatik bularrera eta aldakatik sisaren erdira. Botoiak handiak dira, eta kotoizko lokarriz forratuta daude. Kanezua erdi zirkularra da, eta bizkarretik aurrealdera doa; handik irteten dira aurreko oihal izurdunak. Bizkarrean, jostura zentral bat du. Sisa zuzena da bizkarrean, eta kurbatua, aurrealdean. Alboetan, bi pintza ditu, albo banatara, zuzenagoa bata eta diagonalean bestea, eta 3,3 zentimetroko diametroa duten 8 botoiez ixten da, forma erdi esferikoan; apaingarrietako lokarri finaz eginda daude.
THE OBSERVER. 1957ko azaroa
Emakumea zaku-jantziarekin, Parisko kaleetan paseatzen
Modelo hari «zaku soinekoa» izena jarri zitzaion, eta Cristóbal Balenciagak berrogeita hamarreko hamarraldian landutako ildo bereziaren erakusgarri da. Soineko zabal eta erosoak ziren, garai hartan ohikoak ziren soineko estuen guztiz bestelakoak. Emakumearen erosotasuna eta mugitzeko askatasuna aldaketa iraultzailea izan ziren garai hartako testuinguruan, eta polemika handia sortu zuten. Izan ziren berehala miretsi zutenak eta errotik salatu zutenak; bezeroek pixkana-pixkana onartu zuten, aurkeztu zen bildumaz gero.
Onarpen-prozesu horri dagokionez, aipatzeko datua da Museoko bilduman agertzen diren zaku soinekoak, hainbat bezerok emanak, 1957tik aurrerakoak direla gehienak. Hala ere, soineko hori aurkeztu zen urteko bi modeloak Museoan bertan daude –benetako mugarriak modaren historian– eta Etxeko bi langilerenak izan ziren. Kasualitatea? Etxearen salmenta-estrategia? Edo profesional horien gustu pertsonala, jakinik zein berritzailea zen linea hura?
BM Supermerkatuak elikagaien banaketan aritzen da, eta 232 supermerkatu ditu, batez ere Euskadin, Nafarroan eta Kantabrian kokatuta. Freskoen kalitatea, sortaren kalitatea eta zerbitzuaren kalitatea dira haren balioak. Sorreratik, BMk tokiko hornitzailearen alde egin zuen, eta 30 urtean baino gehiagoan harreman iraunkorrak izan ditu horiekin. Langileek arreta ematen duten sekzioak eskaintzearen alde egin zuen, zerbitzua eta sorta dela-eta, eta ez du inoiz utzi eredu hori. Hala, ez da inoiz aldatu, ekonomiaren eta sektorearen beraren gorabeherak gorabehera.
“Tigre batek bezala Iraganera jauzi egitea da moda”, esan zuen Walter Benjaminek. Eta Cristóbal Balenciagari modu erabakigarrian eragin zioten herri-janzkeraren formek eta artisautzek, Vionnet eta Lanvinen modaren teknikak eta siluetek, eta artearen historiako korronte estetikoek. Teknika eta ehuna menperatzean oinarritutako metodoa, ikerketan eta ikaskuntzan, formen esplorazioan eta perfekzioa etengabe bilatzean; horrek aukera eman zion ausardia formal eta estetiko handiko modeloak diseinatzeko, zeinak, ezbairik gabe, joera bilakatu baitziren.
Cristóbal Balenciaga Museoak 2016. urteaz geroztik sustatutako Transmissions programak ikerketa-prozesu bat proposatzen du, zeinaren bitartez lotzen diren Cristóbal Balenciagaren legatua eta modan espezializatua den publiko gaztea. Horretarako, Modako Diseinuko nazioarteko eskola ospetsuetako irakasleak eta ikasleak biltzen ditu Getarian urtero, goi-mailako joskintzako maisuaren filosofian, teknikan eta testuinguru biografikoan murgilduko dituen esperientzia baten barruan.
Proiektua txertatuta dago erakunde parte-hartzaileen hezkuntza-curriculumean, eta artxiboa irekitzeko eta, elkarrekin, gai baten inguruko piezen hautaketa bat egiteko ideian oinarritzen da: «siluetaren iraultza». Ikasitako guztia, ondoren, proiektu sortzaile batean islatzen dute ikasleek, look oso bat prestatuz. Prozesua bera urratsez urrats dokumentatzen da, eta emaitzak erakusketa-formatuan erakusten dira Museoan.
Museoarentzat, Transmissions da Museoan gordeta dagoen ondarea eta gaurkotasuna lotzeko eta Cristóbal Balenciagaren ondareak indarrean jarraitzen duela ziurtatzeko modurik garrantzitsuena. Horretarako, moda-sortzaileen belaunaldi berri batek hura interpretatu, esperimentatu eta bizitzeko aukera du.
Transmissions hezkuntza-proiektua, 2017
Gaueko berokia, gazar berdez egitea
Programa honetan aztertzen den piezetako bat gazar berdeko beroki hau da; bolante handia du inguruan. Ebaketaren zehaztasuna eta ehunaren ezaugarrien ezagutza nabarmenak dira jantzi honetan, eta silueta inguratzaile eta dotore bat sortzeko baliatzen dira. Hirurogeiko hamarkadan Balenciagaren siluetek abstrakzio-maila handiagoa izan zuten. Berezkoa zaion minimalismo kontzeptual eta teknikoa nolabaiteko zurruntasuna duten ehunez –gazarra, zagarra eta ziberlina– egindako jantzi nasaietan nabarmentzen da; izan ere, zirkulu eta karratutik abiatuta silueta abstraktuak eta bolumen geometrikoak sortzen ditu.
Loreak Mendian bere sustraiei fidel zaien marka bat da, ibilbide luzea duena jantzi atenporal eta iraunkorren alde egiten. Horretarako, inguruko kultura eta arte-adierazpenak erabiltzen ditu espiritu sortzaile propioa elikatzeko. Museoarekiko lankidetza era honetako trukeetan gauzatzen da; izan ere, ingurumenarekin errespetuzkoa den jantzi bat diseinatu eta sortu du urteurren honetarako.
Goi-mailako joskintzaren esperientziak luxua du oinarri; luxua, zer mugatu, pertsonalizatu, baliotsutzat hartuta: estatus-ikurra. Balenciagaren soineko bat, definizioz, esklusibotasun sinonimoa izan zen bere garaian, eta museoko ale bihurtzeak, berriz, kontrako efektua eragiten du. Balenciagak sortutako obrak, orain, herritar guztiek ezagutzeko eta gozatzeko dira, eta Museoak erantzukizuna du gaur egungo gizartearen askotariko publikoei sarbide inklusiboa bermatzeko.
2016an Museoak programa berri bat jarri zuen abian, bere zerbitzuak gizarte-talde heterogeneoenen izaera eta beharretara modu sistematikoan egokitzeko asmoz. Horretarako, bisita-programa bat aurkeztu zen, Museoan dauden ezagutzetarako sarbidea, aprobetxamendua eta gozamena errazteko, eta era askotako premiak dituzten pertsonak hartu ziren kontuan. Museoak hainbat bisita-formula proposatu ditu formatu fisikoan zein birtualean, Museoa bera eta bertako edukia ahalik eta kolektibo gehienengana hurbiltzeko, eta bereziki dinamika espezifikoak behar dituztelako bertako proposamenak ezin eskuratu dituztenen eskura jartzeko.
Erreprodukzio jantzigarriak Museoan
Horietako bat Balenciaga Ukigarria programa da. funtsak kontserbatzeko eta erakusteko baldintzak direla-eta, argiztapen maila txikia behar da, eta horrek zaildu egiten du piezak ondo hauteman ahal izatea, batez ere ikusmenari lotutako aniztasun funtzional motaren bat duten pertsonentzat. Ibilbide gidatu hori osatzeko, ehunen erakusgaiak eta erakusgai dauden lanen erreprodukzioak uki daitezke, jostunak baliatutako teknikak eta proposamen formal berritzaileak ulertzeko. Era berean, modu ludikoan goza daiteke bildumaz, eta, horretarako, Balenciagaren obrara hurbiltzeko aukera izango da, Maison Balenciagak bere bezeroei eskaintzen zien esperientzian murgiltzeko aukera ematen duten jantzien erreprodukzioen bitartez.
Beroki zabala, kutxa-erako paparrarekin eta japoniar mahukarekin. Gorputza aldakaren pareraino luzatzen da, eta bertatik ateratzen da, gona moduan, berokiaren beheko aldea: pieza zabal-zabala, izurduna eta armatua. Zeta urdineko tafetaz forratuta dago. Berokiak urte horretan bertan aurkeztutako baby doll soinekoaren egitura ezaugarriak ditu. Silueta trapezoidal berritzaile hura gerri estu eta aldaka nabarmeneko silueta tradizionalaren kontrakoa zen. Modelo honetan, gorputzaren eta soinekoaren arteko dibortzio iraultzailea eratzen ari zen, eta bazegoen garrantzia hartzen ari zen hirugarren osagai bat ere: airea. Funtsezko osagaia zen hura, silueta abstraktua, erosoa eta dotorea sortzeko.
Baby-doll jantzia egitea
Cristóbal Balenciagak eta Kutxa Fundazioak helburu berberak dituzte, eta hainbat proiektu egiten ari dira, elkarrekin, modari lotuak –esate baterako, alderdi kulturalei buruzko sentsibilizazioa edo Gipuzkoako talentu gazteen ekimenak babestea (Kutxa Kultur Moda)– eta gizarte-balioen sustapenari lotuak, esaterako, irisgarritasuna, aniztasuna eta Museoko bisitarien berdintasuna.
Balenciagaren sorkuntza-lanetan hasieratik beretik nabarmendu ziren jostunaren soiltasuna eta ebakidura bikaina, eta horri koloreen konbinazio ausartak eta euskal eta espainiar inspirazioa gehitu zitzaizkion, zeina baitzen harrigarria bezain exotikoa Parisko adituentzat. Balenciagaren bildumek hainbat elementu, eragin eta baliabide zituzten haren jatorriari lotuak, eta ibilbide profesionalaren amaierara arte izan zituen ezaugarri.
2017an izan zen Cristóbal Balenciagaren Donostiako lehen negozioaren sorreraren urteurrena. Bereziki garrantzitsua da efemeride hori, moda-sortzailerik unibertsalena izango zenaren jatorria aldarrikatzen duelako, eta, gainera, loturik dago Museoa Getarian egotearekin. Enpresaren alorreko abentura horren abiaburua mende hasieran loratzen ari zen Donostiako testuinguruan kokatzen da (jaioterritik, Getariatik, hogeita hamar kilometro eskasera). Garai bereziki bizia zen hura hiriko hirugarren sektoreko jarduera ekonomikoari dagokionez, bi gertaera nagusik bultzatua: gortearen oporraldiak eta euskal kostaldearen inguruko turismoaren gorakada mugaren bi aldeetan, Donostia eta Biarritzen. Hogeita bi urterekin ekin zion Cristóbal Balenciagak bere lehen negozioari. Gutxi ezagutzen da aurretiko esperientziaz eta prestakuntzaz; edonola ere, pentsatzekoa da 1907az geroztik (udal-erroldako erregistroaren arabera) hirian zeuden etxe garrantzitsuetako batean jardun zuela prestatzen, Casa Gómez, New England edo Almacenes Au Louvre etxeetan seguru asko. Guztiak zuten lotura estua garai hartako Parisko modarekin.
Dokumentuetan jasota dagoenez, urte hartan zenbait iragarki argitaratu ziren prentsan langileak kontratatzeko, eta C. Balenciaga izenarekin erregistratu zen industria-matrikulan, Bergara kaleko 2. zenbakian, jostunaren epigrafean, goreneko kategoriari dagokion zerga-kuotarekin. Urtebete igaro ondoren, aldatu egin zuen sozietatearen inskripzio hori bazkide berriak sartu zitezen –Lizaso ahizpak–, eta sozietate mugatu bat eratu zuen, sei urteko indarraldiarekin; horrela sortu zen Balenciaga y Cía, zuzendaritza berarekin. 1924an, elkartea desegin eta Cristóbal Balenciagak Askatasunaren hiribidera (2. zk.) eraman zuen bere lana. 1927ko martxoan bigarren marka bat sortu zuen, dibertsifikatzeko estrategia gisa: Martina Robes Et Manteaux, Okendo kaleko 10.ean, 1. solairuan (Martina zuen izena Balenciagaren amak). Urte bereko urrian, izen berri bat: EISA Costura (berriz ere amari lotua, zeinaren abizena baitzen Eizaguirre).
Bigarren etxe eta marka horren helburua zen, lehenengoa martxan zela osatu baitzen, baliabide partekatuak optimizatzea eta bertako burgesiaren artean bere bezero oinarria zabaltzea. Lehenengo enpresa, Cristóbal Balenciaga, 1937. urtea arte egon zen zabalik, etenik gabe, hau da, Parisera aldatu zen arte. Bigarrena, EISA Costura, dibertsifikatu egin zen, eta egoitzak eduki zituen Madrilen (1933) eta Bartzelonan (1935), EISA BE izenarekin; Donostian, berriz, ez zuen aldatu Askatasun hiribideko 2. zenbakiko egoitza. Zalantzarik gabe, Espainian lanean emandako lehen urte haiek funtsezkoak izan ziren alderdi teknikoa hobetzeko, eragin artistiko eta estetikoak xurgatzeko eta enpresaburuaren atala sendotzeko. Alderdi horiek guztiak garrantzitsuak dira haren ondorengo ibilbidea, garapena eta eklosioa ulertzeko. Hori guztia modaren hiriburu ukaezinaren testuinguruan baino ezin gerta zitekeen: Parisen.
Marfil koloreko zetazko krepean egindako emaztegai-jantzia; 10 zentimetroko zeharkako zerrenda bat du aldakan, eta begizta batez lotua dago erdian. Paparra puntan du, eta bertatik irteten da 30 x 30 zentimetroko pieza triangeluar bat, alboko josturetan amaitzen dena. Gona 10 zapik osatzen dute. Atzealdean amaitzen da, 2,40 zentimetroko dandarrean, eta bizkarrean ixten da, metalezko oinarri baten gainean ehun beraz forratutako 8 botoirekin. Eskuz forratuta dago. Mahuka luze itsatsien eskumuturrak 4 botoiez lotzen dira; botoien artean 1,5 zentimetroko tartea dago, eta oxkarreko presilaz ixten dira. Mahuka apur bat kurbatua da ukondotik aurrera. Donostian egina da soinekoa.
La Esfera, 1918
Museoak balioa ematen dio Côte Basquek historian zehar kultura, tradizioak, paisaia eta bizimoldea interesatzen zaion jendearen helburu turistiko gisa duen erakargarritasunari, jasangarritasunaren mugen barruan, eta horrexegatik da lurraldearen eskaintza osatzen duen baliabide turistikoetako bat. Museoak modu aktiboan dihardu lanean Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaritzarekin.
Balenciagak «goi-mailako joskintzaren maisu» izendapena jaso zuen, bere sorkuntzen perfekzioagatik eta teknika menderatzeagatik, baina baita bere garaiari aurrea hartzeko eta berrikuntzak sartzeko zuen gaitasunagatik ere, lehendik ezagutzen zena hobetzeaz gainera, hautsi ere egiten baitzuen, zenbaitetan. Modaren mundua irauli zuen emakumearentzat silueta berriak aurkeztuz, eta, aldi berean, ehun berriak landu zituen, bere sormen arriskutsu eta kontzeptualenak egin ahal izateko.
2018an, Cristóbal Balenciagaren lana diskurtso kronologiko eta ebolutiboaren arabera aztertzen zuen erakusketa bat proposatu zuen Museoak lehen aldiz. Era horretara, balioa ematen zitzaion hark jantzien historiari egindako ekarpen nagusiari: emakumeentzat silueta berriak ekartzea. Erakusketa honen ardatza eboluzio-prozesu horren ingurukoa zen. Prozesu horrek hartzen zuen Donostian hasi zenetik azken bildumara bitarteko tartea, eta siluetari dagokionez izandako mugarri handien aurrekarietatik ondorengo bilakaerara arte, irakurketa berritzaile baten bitartez betiere, ikerketa- eta azterketa-prozesu baten emaitza gisa. Hala, 1947an, Christian Diorrek gona fin eta zabaleko New Lookekin mundua liluratu zuen urtean, Balenciagak, «hareazko erlojua» silueta tradizionalari jarraituz, izugarrizko harridura sortu zuen ezarritakoa hausten zuten bolumen berritzaile arin eta harrigarrien aurkezpenarekin, esaterako «tonneau» linearekin.
Garai horretan hasi zen Balenciaga silueta berri baten inguruan ikerketak egiten, eta 1951. urtean gauzatu ziren, emakumeen kurbak (gerria bereziki) nabarmendu beharrean lausotzeko joera zuten proposamenen aurkezpenarekin: besteak beste, «midi», «marinela» eta «erdi estua». Modelo horietako batzuek hogeiko hamarkadako siluetak gogorarazten dituzte, non gerria jada desitxuratzen hasia baitzen; ordutik aurrera, Balenciagak sorbalden lerroa eta soinekoen barrena hartuko ditu erreferentziatzat. Horiekin, 50eko hamarkadan garatu zituen mugarrietarako abiapuntua marraztu zuen, bere «tunika», «zakua» eta «baby doll» izeneko lineekin. Hirurogeiko hamarkadan, aldiz, linea haiek hibridatu eta abstrakzio-maila handira iritsi arte araztu zituen.
Balenciagak berrogeita hamarreko hamarkadan baliatu zuen siluetetako bat, gorputzaren inguruan bolumenekin jolasten zuena, «globo» izenekoa izan zen. Horren adibide da gaueko soineko hau, zeta eta biskosazko tafetaz egina, gorputz estuarekin, hiru gorputzeko gona ildaskatuarekin eta parpail gorriz errematatutako jantzi asimetrikoko barrenarekin. Gaueko soineko hau barne-egitura baten gainean eraikia da, eta horren gainean josi dira altuera berekoak ez diren hiru gorputz ildaskatu, XIX. mende amaierako krinolinen antzera. Barren asimetrikoak erabiltzen hasten da, orkatilak ikusten direlarik aurrez aurreko begiratuz gero; hori eraldatuz joan zen «indioilarraren isatsa» izeneko barren asimetrikora iritsi arte. Sorbalda baxuko bildukinak eta puntuko parpailak moulagearen erabilera minimalista uzten dute agerian, bolumen sinple baina oso zabalak sortuz.
Ur-jauzi erara antolatutako globo siluetako soineko eder hau 2012an sartu zen Cristóbal Balenciaga Museoaren bilduman. Zaharberritzeko prozesu sakona egin behar izan zitzaion, erakusgai jarri aurretik. Museoaren zaharberritzeko tratamenduek Ondare Kulturala Kontserbatu eta Zaharberritzeko irizpide unibertsalei jarraitzen diote, zeinak baitira erabilitako metodoen eta produktuen itzulgarritasuna, eta gutxieneko esku-hartzea eta jatorrizkoaren gehieneko errespetua, ikuspegi material, estetiko eta historikotik. Ehunei beren sendotasuna eta galdutako izaera ematea izan da beti helburua, lehentasuna emanez jatorrizko ehunaren kontserbazioari eta hondatze-prozesua geldiarazteko ahaleginari.
Zeta gorriko tafetazko gau-jantzia eraberritzeko prozesua
Hubert de Givenchy
IDOM nazioarteko enpresa bat da, ingeniaritza, arkitektura eta aholkularitzako zerbitzu profesionalizatuetan espezializatua. Kontserbazioaren zereginaren alderdi kritikoenetako bat optimizatzeko zereginean dihardu Museoarekin: hau da, klimatizazioarekin. «Gure helburua da zerbitzu bikain bat ematea, kalitate onenekoa, onenen pareko maila teknologikoan oinarritua, arazoak konpontzeko irtenbide eraginkorrak eta berritzaileak eskainiz».
XX. mendearen bigarren erditik, modak, industria transektorial handi bihurturik, eragin nabarmena izan du ekonomian eta ingurumenean. Aldi berean, sektorea jabetu egin da bide jasangarrietatik abiatzeko beharraz (tokiko ekoizpena, zero kilometroa, birziklapena, biomaterial berriak), jasangarritasun-paradigma berri bat lortzeko. Azken batean, “moda geldoko” eredu bat, Balenciagaren lan-filosofiatik oso gertukoa.
Museoak 2018an jarri zuen abian, Kultura Ondarearen Europako Urtearekin bat eginik, «Moda eta Ondarea» serie kuratoriala, Cristóbal Balenciagaren lana diskurtso kronologiko eta ebolutibo baten bidez aztertzeko; era horretara, balioa eman zitzaion bere garaian jantzi soil bat izan zen hura gaur egun Museoaren bilduma bihurtzeko prozesuari. Serie kuratorialaren abiapuntua aretoen eta tailerren itxieraren 50. urteurrena izan zen, 1968. urtea hain zuzen ere. Une horretan amaitu zen jantzien ekoizpena, eta orduan hasi zen, hain zuzen ere, Balenciagaren sorkuntzen erabiltzeko balioa balio sinboliko bihurtzen, bilduma pribatuen eta lehen erakusketen xede. Cristóbal Balenciaga Museoko taldearen eta Judith Clark fashion curator ezagunaren arteko lankidetzaren emaitza izan ziren erakusketa-sail honetako erakusketa-diskurtsoa eta piezen hautaketa, bai eta haren diseinua eta kontzeptualizazio espaziala ere. Lankidetza horrek hiru edizioz iraun zuen.
Judith Clark
Seriea lan-metaketa baten gisara pentsatua dago, eta, ardatz eta sekuentzia kronologiko berari eutsiz, eduki berriak asimilatzeko eta modu jasangarrian gehitzeko aukera eman du, Museoak egindako ikerketaren emaitza gisa. Lehenengo erakusketan, «Elkarrizketak» izenekoan, ondare-piezari argazkiak, ikerketak edo museografiak eskainitako interpretazio-geruzak aipatzen ziren. Bigarren erakusketak, «Testuinguruak» izenekoak, ondare-objektuaren inguruko hainbat esparru historiko, sozial, kultural eta pertsonal jorratzen zituen; hirugarren erakusketak, «Cristóbal» deiturikoak, sortzailearen biografiari lotutako ondare-elementuak ditu ardatz, haren jaiotzaren 125. urteurrenean.
Serierako berariaz asmatutako elementu museografikoak lekuz eta esanahiz aldatzen dira erakusketa batetik bestera; artxiboaren estetika, berriz, ez da aldatzen, eta material guztiak birziklatu eta hurrengo kapituluan sartzen dira. Era horretara, kontsumitu beharrik eta hondakin gehigarririk gabe, irakurketa eta aurkezpen oso desberdinak egiten dira testuinguru tematiko eta estetiko beraren barruan, eta bilakaera/iraultza txikiak proposatzen dira, Balenciagaren antzera. Beraz, sail kuratoriala guztiz berritzailea eta jasangarria da, bai kontzeptuei dagokienez, bai aurkezpenari dagokionez.
Satinez eginiko eta barren asimetrikoko gaueko soinekoa, jengibre koloreko shantung oihalez egina, zilarrezko hari eta brodatuekin. Eskote biribila, nabarmenagoa bizkarraldean, tiranteduna, oihal zatiarekin gerrian eta gona zabalarekin. Eclair kremailerarekin amaitzen da. Kolore bereko tafeta batez forratuta dago, eta brodatuan loreak daude irudikatuta. Gonak oso biribilduak ditu aldakak eta barrena motzagoa da aurrealdean, bizkarrerantz mugituz. Lizbethek egindako brodatua. «….arkitektoa planoetarako, margolaria koloreentzako» esaldiari jarraituz, ehunaren kolorea –maisonean jengibre gisa sailkatua– sail kuratorialaren diseinu grafikoa eta erakusketari dagokiona markatzeko hartu zen, bai eta erakusketa osoaren aurretikoa den eta erakusketaren diskurtsoan txertatzen den ikerketa bisualki erakusten zuten mapa-sailean aplikatzeko ere.
Cristóbal Balenciaga
Cristóbal Balenciaga Museoa Green Kluster Gipuzkoaren barruan dago. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Sailak sustatua da, eta lurraldeko beste erakunde eta eragile batzuk biltzen ditu, zeinek gizartea moda iraunkorraren inguruan hezteko eta sentsibilizatzeko, eta beren ekoizpenetan filosofia hori aintzat hartzeko helburua duten.
Zorroztasuna eta zehaztasuna betidanik izan ziren Cristóbal Balenciagaren lanaren eta nortasunaren funtsezko ezaugarriak. Jostunak ihes egin zien beti azalkeriei eta arinkeriari, eta oso zorrotza zen bere sorkuntzak osatzeko orduan. Horregatik menderatu zuen inork ez bezala joskintzaren teknika, eta horrek tresna boteretsua eman zion eredu harrigarriak sortzeko orduan.
Goi-joskintzako maisuaren jaiotzaren 125. urteurrena ospatzeko, Cristóbal Balenciaga Museoak Cristóbal Balenciagari buruzko Nazioarteko I. Biltzarra antolatu zuen 2020. urtean. Nazioarteko biltzar akademiko haren asmoa zen jostunari berari eta haren ondareari buruzko lan eta ikerketa berritzaileak eta kalitatezkoak –alderdi pertsonala, enpresariala, sormenari dagokiona, teknikoa, etab. aztertuko zutenak– erakusteko plataforma izatea, baina baita Balenciagaren testuinguru biografikoak, kulturalak eta lanaren arlokoak aztertuko dituzten proiektuak erakusteko ere.
Cristóbal Balenciagari buruzko Nazioarteko I. Biltzarra. Getaria, 2020ko urriaren 1a eta 2a
Batzorde zientifikoa Cristóbal Balenciagaren hamar aditu ospetsuk osatu zuen, eta hark hautatu zituen, jasotako proposamen guztien artetik, Biltzarrean aurkeztu ziren hamalauak. Balenciagaren garrantzia kontuan hartuta, hautatutako proposamenek modaren historiaren esparruan ez ezik, beste hainbat azterketa-esparrutan ere sakontzen zuten, esate baterako, ekonomikoa, komunikatiboa eta arteen esparrua, zentzu zabalean. 2.500 lagunek egin zioten jarraipena online formatuan, eta Biltzarrean ikusi zenez, Cristóbal Balenciagak interes akademikoa du oraindik ere, eta bi argitalpenen edizioa bultzatu du: Fashion Theory (2021eko maiatza) aldizkariaren ale berezi bat eta Biltzarraren aktak, zeinak online baitaude ikusgai, Museoaren beraren aurretiko ikerketei buruzko argitalpen guztiekin batera, Cristóbal Balenciagaren eta haren garaiaren ikertzaileentzat, zeinak osatzen baitute gero eta talde handiagoa.
Miren Vives, Cristóbal Balenciaga Museoaren zuzendari nagusia
Zibelinazko gau-jantziaren ezaugarriak
1967ko gaueko soinekoa, Starongo marfil-koloreko ziberlinan egina. Estalgarri minimalista bat, aurreko jostura batetik irteten dena eta oihal bakar batez estaltzen duena gorputz osoa; espiralean ixten da, mahuka motzaren gainean, eta silueta trapezoidala sortzen du. Zorroztasuna, perfekzioa, oreka eta berrikuntza dira lan horren ezaugarri nagusiak. Soinekoak kutxa-gisako lepoa du aurrealdean eta puntan amaitzen den lepoa bizkarrean. Mahukak oihal independente batez eginda daude eta pixka bat izurtuta daude. Barrena asimetrikoa da eta berunkiak ditu, bai aurrealdean bai josturaren alde banatan.
EITBk, Euskadin komunikabideak dituen ikus-entzunezko komunikazio-taldea den aldetik, informazio-, prestakuntza- eta entretenimendu-zerbitzu liderrak eskaintzen ditu pertsona guztientzat. EITB euskal ikus-entzunezkoen ekosistemaren eta gure kulturaren motorra da. EITBren eta Cristóbal Balenciaga Museoaren aliantzaren bidez, leiho digital berri bat ireki nahi zaie euskal ekoizpenei eta sorkuntzari, gizartearen zerbitzura dauden bi erakunde publikoren eskutik.
Bost hamarkadako ibilbide profesionalean, Balenciagak Espainian eta Frantzian zuzendu zituen bere goi-joskintzako etxeak, eta haren izena dotorezia, abangoardia, edertasuna eta denborazkotasunaren sinonimo izatera iritsi zen. Haren lanak gaur egun oraindik ere diseinatzaile-belaunaldi berrien inspirazio dira, eta haren ondarea eskuragarriagoa izatea da Museoaren misioetako bat, goi-mailako joskintzako maisuaren ezaugarri izan ziren ezagutza, teknika eta balioak belaunaldi horiei transmititu ahal izateko.
Cristóbal Balenciaga Museoak ikerketa- eta sorkuntza-zentro bat hartzeko proiektu bat du, non bilduko baitira modaren inguruko baliabide dokumentalak, bibliografikoak eta digitalak. Era horretara, ikerketaren, hezkuntzaren eta lanbidearen alorreko komunitateen eskura egongo da. Horretarako, azken urteotan, ehun-bildumen artxiboa digitalizatzeko, erreplika zehatzak egiteko –«Study collection»– eta obrak eta ehunak aztertzeko prozesuan jardun du buru-belarri museoak, kontserbazio arrazoiengatik mugatuta dagoen artxiboa beste era batera ezagutzeko modua eskaintzeko helburuarekin.
Zentroaren erabiltzaileek aukera izango dute: ehun-bildumaren artxibo digitalizatua eta «Study collection» hori osatzen duten obrak ikusteko; modan espezializatutako liburutegia eta nazioarteko prentsako datu-baseen harpidetzak eta joera-biltegiak ikusteko; eta, azkenik, Museoko materioteka eta diseinurako eta sorkuntzarako punta-puntako tresna teknologikoak ikusteko. Zentroak, halaber, programa bat edukiko du, egoitzetarako, beketarako eta prestakuntza-ikastaroetarako.
Semifit jakaren ezaugarriak
Artxiboan gordetako lanen adibide interesgarria da jaka «erdiestutu» hau, 1951. urtekoa. Bildumako lan erreferentzialetako bat denez, berau izan da aztertzeko, digitalizatzeko eta dokumentazio zehatza egiteko hautatutako lehen piezatako bat.
Jaka luzea da, aldakarainokoa, eta irekia aurrealdetik; beltxarga-lepoa du, belus beltzez egina, eta papar-hegala. Aurrealdeak alozen bidez daude gorputzera doituak. Bizkarra, zuzena eta lasaia, bi alozen bidez egokitzen da besagainera, eta besaurrerainoko mahuka hiru oihalez muntatzen da. Marfil-koloreko zetazko tafetaz forratuta dago, eta trabilla bat du barrualdean, jantzia gorputzera lotzeko; era horretara, kanpoaldea aske gelditzen da eta are gehiago nabarmentzen da bizkar soltearen zabaltasuna. Diseinu izugarri honek oso ondo adierazten du Balenciagaren ahalegin berritzailea: jostunak 1951n erakutsitako traje erdiestutua, erabateko iraultza eragin zuena garai hartako silueta zurrunaren aurrean. Aurrealdea bularraldean estutzen da, eta bizkarra solte gelditzen da; era horretara, bolumen harrotua sortzen da, zeinak, mugimendu gehiago emateaz gainera, emakumearen fisonomiaren nolabaiteko abstrakzioa iradokitzen duen.
Semifit jaka egitea
Lan hau guztiz berezia da Cristóbal Balenciagaren sorkuntza-lanetan eta baita munduko museoetan gordeta dauden bildumetan ere. Jostunaren ondare sortzailearen erakusgarri bikaina da gure espezialistentzat. Cristóbal Balenciaga Museoak erreplika fisikoak eta ikus-entzunezko materialak ditu, hari buruzko ikerketetan eta azterketetan laguntzeko.
Cristóbal Balenciaga
Cardiva Bilbon jaio zen 1989an eta, egun, osasun-produktuak merkaturatzen eta fabrikatzen dituen lehen konpainietako bat da. Haren helburua bizitzak eraldatzea da, pazienteen osasuna hobetzen duten eta osasun-sistemen iraunkortasuna errazten duten irtenbide berritzaileen bidez. Erreferentea da bere sektorean, eta, bestelako balioen artean, berrikuntza, kalitatea eta erantzukizuna partekatzen ditu museoarekin.